46. zenbakia · 2003 (1)

‘Munduko hizkuntzei buruzko txostena’ren inguruko zenbait jakingarri

Andoni Barreña, Itziar Idiazabal, Patxi Juaristi, Belen Uranga
1. SARRERA Munduko hizkuntzei buruzko txostena hizkuntza ordezkapen prozesuek eragiten duten homogeneizazio arazo larriak bultzaturik sortu da. Izan ere, orain arte bildutako datuen arabera, argi ikusten da azken hogeita hamar urteotan hizkuntza kopurua murrizten joan dela (Sasse, 1992; Comrie, Matthews eta Polinsky, 1996; Wurm, 2000; Hagège, 2000), hizkuntza gehienetako hiztun kopurua gutxitzen ari dela, eta hedapen prozesuan dauden hizkuntzetako (ingelesa, gaztelera, swahilia, tagaloa edo pilipinera, indonesiera, e.a.) hiztun kopurua, berriz, goraka doala (Junyent, 1999; Dixon, 1997; Nettle, 1999; Moreno Cabrera, 2000). Esanak esan, hizkuntz desagerpena mende honetako arazorik larrienetakoa da (Hale, 1992; Krauss, 1992). Askotan, gainera, hiztunak ez dira konturatzen euren hizkuntza hiltzen ari dela, harik eta ordezkatze prozesua oso aurreratua dagoen arte. Beraz, garbi dago premiazkoa dela munduko hizkuntza aberastasunaren babesa bultzatuko duen konponbideren bat aurkitzea (Crystal, 2000).